XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizarte klaseen mailaketari buruz, Jaunaren zergapekoak petxeroak, alegia zirenak eta ez zirenak bereizi beharko genituzke Oñatiko kondepekoen artean.

Bigarren talde horretako leinuburuak eta jauntxoak iadanik nabarmentzen hasiak izango ziren, bi mende geroago lehertuko ziren liskar eta istiluen hazia ereinaz.

Ezer gutxi dakigu garai honetako biztanle kopuruaz, baina XIII. mendean zehar eta XIV.aren hasieran gainerako euskal alderdietan gertatu zenaren antzera, Oñatin ere hazkunde azpimarkagarria izan genuela pentsa dezakegu, mende bat lehenago gutxienez sortutako auzoak itxuratuz eta indartuz joango baitziren.

Une honetan, gainera, ekonomia eta gizarte mailetako aldakuntza garrantzitsu bat mamitu bide zen, hots, teknika berriek eragindako beste lanbide batzuen sorrera eta honek zekarren gizarte-egitura eta produkzio-bideen berrikuntza konplexoa.

Baina, orain arte esan dugunaren frogatzat erabil dezakegun hurrengo dokumentua agertzen zaigun orduko, prozesu hau oso aurrera doakigu.

Behe Erdi Aroa.

Aipaturiko agiri hori 1.489. urtean ospatu zen bazaerre batetan idatzia da eta herri zati haundi bat kiskaldu zuen sute ikaragarrian erretako etxeak eraberritzeko behar ziren zuhaitz-ebaketaz dihardu.

Zenbait xehetasun interesgarriren artean honoko hau ere eskaintzen digu: sutearen arrazoiek herrian ola eta sutegi asko izatearekin eta etxeetan linu ugari biltzearekin zerikusirik ba zutela.

Baina orain darabilgun arazo hau argitzeko anitz datu jakingarri ere eskuratzen digu: esate baterako, auzo bakoitzean nekazaritzan edo abeltzantzan lanik egiten ez zutenen ogibideak aipatzen ditu, hartara auzorik auzo gutxi gora-behera zenbat artesau zeuden jakiteko bidea daukagularik.